Izkiko Parke Naturalaren 25. urteurrena - izkiparkea
Eduki publikatzailea
Izkiko Parke Naturalaren 25. urteurrena
Izki izan zen Euskadiko laugarren parke naturala (9.500 hektarea inguru), eta Arabako Mendialdeko eskualdean kokatua dago. 1998an deklaratu zuten parke natural, eta 25 urte horiek 2023ko maiatzaren 4an bete ziren, hau da, parke natural deklaratu zuen 65/1998 Dekretua indarrean sartu eta 25 urte geroago. Parke naturalaren figurak aintzatetsi egiten du espazioak gaur arte gorde duen natura eta kultura ondarea, eta kontserbazio lan horrek jarraituko duenaren bermea da. Parke naturalaren dokumentu arauemaileek Izkin dauden habitatak eta espezieak mantentzeko eta hobetzeko helburuak, jarraibideak eta ekintzak ezartzen dituzte, eta parkea bateragarri egiten dute erabilera publiko jasangarriarekin eta eskualdearen garapen sozioekonomikoarekin. Izki, gainera, Natura 2000 Sarearen barruan dago. Biodibertsitatearen kontserbaziorako guneen Europako ekologia sarea da, eta xede du Europako espezieen eta habitat moten epe luzerako biziraupena bermatzea, biodibertsitatearen galera ekidinez. Europar Batasunean ingurumena babesteko tresna nagusia da. Izkik bi babes figuraren bidez parte hartzen du: KBE (kontserbazio bereziko eremua) eta HBBE (hegaztientzako babes bereziko eremua).
2023an, jarduera multzo bat programatu zen ondare horri guztiari balioa emateko eta Izki behar bezala ezagutarazteko. Agenda martxoaren amaieran hasi eta azaroan amaitu zen, eta ibilbide bat egin zuen arlo hauen inguruan: herriak, astronomia, geologia, natura, kirola, artea edo landa errealitatea. "Nire herria erakutsi nahi dizut" jarduera nabarmendu zen, eta horri esker Izkiko bizilagunak egun bateko luxuzko gidari izan ziren. Jarduera "klasikoak" ere ez ziren falta izan, hala nola pertseida euria, gaztaina azoka edo Bike Birding-a (bizikleta elektrikoan egindako ibilbideak hegaztiak ikusteko, azken urteotan oso arrakastatsuak izan direnak). Jarduera horiei ekimen berritzaileagoak gehitu zitzaizkien, hala nola fauna interpretatzeko irteerak gauez, sketching lantegi bat (marrazketa azkarra) edo erreserbaren bisita integrala.
Ospakizunaren punturik gorena urteurrenaren oroitzapenezko asteburuan izan zen, Urarten Izki Garaiko artzain komunitateekin lotutako ekitaldi multzo batekin. Asteburu hori irailaren 29an hasi zen, bisita gidatu batekin eta artzain komunitateen inguruko hitzaldi batekin. Horrez gain, haurrentzako lantegiak eta elkarlaneko horma irudi bat egin ziren Korresen.
Eskaintza osatzeko, animaliak eta landareak izendatzeko Izkin erabiltzen diren hitzei buruzko erakusketa bat egin zen. Sustapen ekintzari logotipo propioa eta bideo txiki bat gehitzen zaizkio.