presentacion izki eu

Izkiko Parke Naturala

Izkiko Parke Naturala

Izkiko Parke Naturala

Izkiko parke naturala Arabako hego-ekialdean dago eta, bertan, paisaia ugari daude. Izkikoa Euskal Autonomia Erkidegoko laugarren parke naturalik handiena da, Gorbeia, Aizkorri-Aratz eta Aralarko parke naturalen atzetik.

Parke naturalak ditugu berariaz babestutako eremuak, balio ekologiko handikoak eta eder-ederrak direlako. Halako lekuetan, flora eta faunako espezie anitzak eta denboran zehar iraun duten giza jarduerak nabarmentzekoak dira eta, elementu guztien artean, ondare ekologiko eta kultural bikaina osatzen dute.

Izkiko parke naturalean, funtsean, basoak eta arrokak aurkituko ditugu. Batez ere, ameztiak hazten dira parkean, baina, arruntean, pagadiak, garrigak, haltzadiak, erkameztiak, baso mistoak, urkidiak, lertxunen zuhaiztiak eta beste aurki ditzakegu parkean. Ibai txikiek –Izki, Molino, Ega– harana zeharkatzen dute. Leku batzuetan, ur-putzuak ageri dira azalean, idoi, istinga edo zohikaztegi hasiberri gisa. Eremu heze horietan, anfibioz eta hegaztiz –txilinporta txikia, murgil handia...– osatutako fauna interesgarriaz gainera, flora baliotsua garatu da, esate baterako, igebelar zuria eta askotariko landare karniboroak. Zeruan berriz, basoaren gainetik hegan ageri direla, arrano beltz, belatz handi, sai zuri eta sai arre ederrak ikus daitezke. Horiek guztiak Izkiko gailurretako harkaiztegi ebakietan bizi eta hazi egiten dira. Goialdeetako larredi zabaletan, behiak, behorrak eta ardiak bazkatzen dira eta horrek gizakien zantzuaren berri ematen digu.

Kultura ondare oparoak mendi-haran horietako historia erakusten digu: haitzulo artifizialak, baselizak, herrixka gotortuak, tumuluak, karobiak, gazteluak, aztarna arkeologikoak… eta horien guztien buru Erdi Aroko herria dugu, parkearen barruan dagoen biztanlegune bakarra. Gastronomiak, eskulangintzak, ohiko jaiek, erromeriek, eta Izkitik gertuko herrietan han-hemenka dauden landetxe abegitsu eta erosoek are interesgarriago bihurtzen dute parke naturala.

Informazio teknikoa

Azalera

9473,49 ha.

Parke izendatu zeneko urtea

1998

Parkea osatzen duteneko udalerriak

Arraia-Maeztu, Kanpezu eta Bernedo.

Babes tresnak

Parke Naturala, Babes Bereziko Eremua (BBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE).

Gehieneko garaiera

1173,73 m.